XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txorien hizkera moeta guztiak dazagutzan
gizaki zorionekoa,
oihartzunaren oihartzuna iturri sortzailea
balitz bezala entzuten duen abere apala,

Europako hizkuntzarik jatorrenetako baten
menperatzaileetako bat,
lagunari astean behin hiru orduz itxaroten
dakiena nauzu,

Idazteko, boligrafua hamaika era ezberdinez
mugitzen dakien gaztea nauzu,
ez nauzu lagunurkoa gorrotoz begiratzen duen
bizitza txokoren batean gau ilunen batean
lagatako pasota,

Belarri ona eta ahots txarra daukana
nauzu,
daukan egoera ulertzen eta aurrera ateratzen
saiatzen den laguna nauzu,

Neure burua erantzunari galdera bilatzen
diona duzu eta ez galderari erantzuna
dakusana bi bider ikusten duen
deabruaren etsai amorratua duzu neure burua,

Aingeruari hegoak moztu zizkiona
zulo beltzean eror zedin,
langabetuari argazki merkea prezio garestian
erosi ziona,

Gaueko iluntasunak batera batere ez eta
apur bat izutzen duena,
bere ipuin, nobela eta erditzeetan hamaika
egoera ezberdin idatzi dituena naiz,

Belaunikaturik, Jainkoari gazi, gozo eta geza
guztiengatik eskerrak eman ohi dizkiona nauzu...

Eta hala ere, eta hala eta guztiz ere,
ez dakit nola demontre esan behar dizudan
zertxobait piztu didazula bihotzean, laguna.